Hilotz “Libre izan nahi dutenen larruan jarri gara”

Aske ‘Hilotz-en bigarren disko luzea da.  ‘Giza Ankerkeria’ estreinako diskoaren harira, euskal hirukoteak thrash, death eta black metal uztartu ditu berriro ere, baina sormen bide berriak arakatu ditu eta anbizio eta hedapen handiagoak dituzten konposizioak ekarri ditu.


   Lan berriak balio izan du  taldearen estilo propioa sendotu.  Diskoa grabatu, nahastu eta  Black Storm estudioetan (Karrantza) masterizatua, zuzendariaren zuzendaritzapean  Ekaitz Garmendia gitarrista eta ekoizle entzutetsua (Legen Beltza, Extinction, Sijjin).


  Zer da Askatasuna?  Nork ematen digu, nork kentzen digu?  Hau da nagusia  Hilotzek Aske-n zer egiten duen galdetzen du, hamaika abestiz, hamaika begiradaz, zalantza eta nahiez osatutako diskoa, kateak hautsi nahi dituztenen ikuspegitik lotuta.  Migratzaileak, emakumeak, animaliak, mendekotasuna duten pertsonak, gaitasun desberdinak dituztenak … dira disko honetako protagonistetako batzuk.


  Taldeak enpatia ariketa bat egin du, aske daudela ematen dutenen larruan jartzeko ahalegina.
Oraingo honetan taldea elkarrizketatzeko ohorea izango dugu, eta disko berria kontatuko digu, besteak beste.

Arratsalde on mutilak, polita zuekin elkarrizketatu ahal izatea.


1.- Esadazu, zer aurki dezakegu disko honetan?
‘Aske’ diskoa hamaika kantaz osaturiko lana da. Hiru urtetan prestatu dugun diskoa, denbora asko igaro dugu kantak prestatzen eta azkenean heldu da doinu berriak denei erakusteko unea.


2.- Gai bereziren bat?
‘Aske’ enpatia ariketa bat izan da. Aske izan nahi dutenen larruazalean jarri gara hamaika abesti hauetan. Hamaika pieza dira, hamaika begirada, kateak hautsi nahi dituztenen begietatik kontatuta. Migratzaileak, emakumeak, animaliak… horien eta beste hainbaten tokian jarri gara, euren istorioa ulertzen saiatu eta kontatzeko. Esan liteke ‘Aske’ disko argitsuagoa dela, ‘Giza Ankerkeria’ aurreko lanaren aldean.


3.- Zer islatzen du azalak?
Hitzetan landutako kontzeptu berbera islatu nahi izan dugu azaleko ilustrazioan ere. Xabier Sagastak osaturiko lana da, duela urte batzuk ezagutu eta ordutik miresten dugun artista. Azalean norbanako bat ageri da, bere larruazal zaharretik askatzen edo libratzen ari dena. Metaformosi moduko bat islatu nahi izan dugu, baita haren inguruan gertatzen den eztanda erraldoia ere. Gainera, binilo estilora egokitu dugu artelana, diskoa ireki eta bi aldeetan zabaltzen da ilustrazioa, azal eta kontrazaleko irudiek bat egiten dute.

4.- Kolaboraziorik egongo al da disko honetan?
Hainbat kolaborazio daude disko osoan zehar. Batetik hitzei loturikoak. Iker Eleiceguik osatu ditu “Zurrunbiloa” abestiko hitzak, Hilotzen sortzaile eta bateriajole izan zen bera. Bestalde, Itzea Urkizuk “Izua Su” kantarako letra osatu du. Poesia kutsua duen pieza bat da, gure ohiko estilotik ezberdintzen dena. Gainera, abesti horretan bertan beste bi emakumeren parte hartzea ere izan dugu. Natalia Garmendiak eta Izaskun Forcadak kantatu dute abesti honetan, euskal rock eta metalaren munduan ezagunak dira eta lotura estua dugu biekin. Emakumearen begietatik kontaturiko diskoa denez, guretzat garrantzitsua zen abesti honetako hitzak eta ahotsak emakumeen esku uztea.


5.- Diskoko zein abestik ordezkatzen zaitu talde gisa?
Disko osoak ordezkatzen gaituela esan liteke, azken finean, ‘Aske’ da uneotan taldearen islarik autentikoena. Abestien artean, akaso “Pertsona, Terrorista”, “Sinisten Dut” eta “Agur” dira borobilenak. Kanta horiek erabili ditugu aurrerapen gisa promozio garaian eta uste dugu abesti zuzenak direla, entzulearengan berehalako eragina izan dezaketenak.


6.- Zertan inspiratzen dira konposatzerakoan?
Edozer izan daiteke inspirazio iturri. Albistegi batean entzundako notizia, liburu bat, telesail bat, eguneroko bizipen bat… horiek guztiek inspiratzen gaituzte konposatzerakoan. Musikari dagokionez, Annihilator, Megadeth, Death eta tankerako taldeak ditugu denok gustuko. Baita Vektor eta Warbringer ere, thrash, death eta black metal estiloak nahasten dituzte azken hauek eta guk lantzen dugun estilora hurbiltzen dira. King Diamond, Dissection edota Der Weg Einer Freiheit bezalako taldeak ere oso gustuko ditugu, inspirazio dira pasarte ilunagoak lantzerako garaian. Dena den, ez dugu gure burua metal estilora mugatzen, bestelako generoak ere oso gustuko ditugu eta horri esker lortu dugu disko berrian horren emaitza anitza.

7.- Zein izan dira zure itxaropenak disko honen ostean?
Diskoa ahalik eta gehien zabaltzea da gure helburu nagusia. Mundu zabaleko musika zaleen belarrietara heldu dadila. Abesti berriak plazaratu eta berehala, kontzertuak eskaintzea ere izaten da helburu nagusietako bat, doinu berri horiek taula gainean defendatzeko. Tamalez, kasu honetan koronabirusak dena eten du eta asko zaildu du bira bat antolatzea. Euskal Herrian zein Espainian hainbat kontzertu bideratuta genituen, baina plan horiek bertan behera utzi behar izan ditugu. Europara jauzia eman eta kontinentean zehar kontzertuak eskaintzea zen disko honetako beste helburuetako bat, baina horretarako osasun krisia gainditzea itxaron beharko dugu.


8.- Zure ustez, zein dira zure jarraitzaileen itxaropenak?
Uste dut Hilotz jarraitzen duten pertsonek metal disko indartsu bat espero dutela. Thrash metala oinarri hartuta bide ezberdinak esploratuko dituen disko bat. Dena den, urteetan zehar jarraitu gaituztenek badakite gustuko dugula estilo ezberdinak esploratzea, nahiago izaten dugula musikan askatasun osoz aritu, genero bakarrera mugatu gabe eta uste dut hori ere badela jarraitzaileen itxaropenetako bat. Ez dute espero hasieratik bukaerara berdina izango den disko bat.


9.- Zein dira zure eraginak?
Seigarren galderan duzu honen inguruko erantzuna.

10.- Itxialdiaren ondoren, konposizio zatia mantendu edo eboluzionatu al da?
‘Aske’ itxialdia baino askoz lehenago konposatu eta grabatu genuen. Diskoa duela urtebete amaitu genuen, beraz, itxialdiak ez du inolako eraginik izan konposaketan.


11.- Zer modutan eragin du itxialdiaren auziak?
Itxialdiaren aurreko hilabeteak diskoa argitaratzeko zigilu baten bila igaro genituen. Diskoetxe baten babesa nahi genuen, Euskal Herritik harago, gure kabuz heldu ezin dugun toki horietara iristeko. Itxialdia hasi eta berehala lortu genuen tratua Maldito Records diskoetxearekin. 20 urtetik gorako esperientzia dute musikaren munduan eta Espainiako estatuan euskarazko taldeak argitaratzen dituen zigilu bakarretakoa da. Gainera, ez dira soilik metal musikara mugatzen eta pentsatu genuen hori ere interesgarria izan litekeela, publiko zabalgo batera iristeko. Itxialdiko hilabeteak promozio lanak prestatzen eta egiten igaro ditugu, ‘Aske’k gure aurreko lanek izan ez duten oihartzuna izan zezan. Abestiak eta diskoaren gainerako xehetasunak pixkanaka argitaratu ditugu eta horrek ikusmin handia sortu du gure jarraitzaileen artean.


12.- Nola ikusten duzu eszena une honetan?
Euskal Herriko eszena talde interesgarriz beteta dago, metal musikan hainbat estilo ezberdin jorratzen dituzten bandak daude eta horietako askok nazioartean lortu dute etxean baino onarpen handiagoa. Hedabide orokorretan metal musikak ez du ia tarterik, ez Euskal Herrian, ezta mundu zabalean ere. Gurea bazterreko musika da askorentzat, baina zorionez jarraitzaileen zaletasuna oso indartsua da eta musika hau maite dugunon arteko komunitatea ere bai. 

13.- Kontatu nahi duzun pasadizoren bat?
Ilusio berezia egin digu elkarrizketa hau Txiletik etorrita, galderak euskaraz idatzita jaso izanak. Ez zaigu sekula halakorik gertatu. Elkarrizketa askotan galdetzen digute zergatik abesten ote dugun euskaraz, eta guk beti aipatzen dugu joera naturala dela, euskaldunak gara, Euskal Herrian jaioak eta euskara da txikitatik ikasi dugun hizkuntza. Banda espainiar bati ez liokete galdetuko zergatik kantatzen ote duen gaztelaniaz, talde ingeles bati ere ez zergatik ingelesez. Badirudi gure burua justifikatzera behartuta gaudela, hizkuntza minorizatu batean aritzen garelako. Horregatik, asko poztu gaitu Txiletik elkarrizketako galderak euskaraz jaso izanak.

14.- Etorkizuneko proiektuak?
Gure etorkizuneko asmo nagusia ‘Aske’ disko berriaren promozioarekin jarraitzea da. Abesti berriak jendeak entzun ditzan nahi dugu eta hori lortzeko sare sozialetan aktibo mantenduko gara etengabe. Kontzertuak izaten dira disko berri bat publikoari aurkezteko modurik zuzen eta ederrena, baina uneotan zaila da halakoak egitea. Prestaketa lanetan gabiltza, kontzertu gutxi batzuk lotu eta emanaldi bereziak eskaintzeko, maskarak, distantzia soziala eta aulkian eserita izan arren. Ez da gustatuko litzaigukeen modua, baina oraintxe dugun modu bakarra da, gure musika zaleei zuzenean eskaintzeko. Argi eta soinua  inoiz baino gehiago landuz ahaleginduko gara kontzertu berei batzuk eskaintzen.


15.- Azkenean, zerbait gehitu nahi al duzu?
Mila esker taldearengan azaldu duzuen interesagatik eta zuen denboragatik. Etorkizunean Txilen kontzertuak eskaintzea izugarri gustatuko litzaiguke, plazer handia izango litzateke bertara joan eta zuek aurrez aurre ezagutzea.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

Blog de WordPress.com.

Subir ↑

Crea tu sitio web con WordPress.com
Empieza ahora
A %d blogueros les gusta esto: